Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ho-peh

(Eusk. «Ibaiko iparraldea»). Txinako probintzia, Ibai Horiaren iparraldean, Barne Mongolia eta Itsas Horiaren artean. Tianjin eta Pekin lurralde autonomoak probintziaren barnean daude. 202.700 km2; 48 milioi biztanle. Hiriburua: Sheziahuang. Po-hai golkoaren ertzean dago; Shan-si ordokitik datozen ibaiek moldatua da eta ibai ezpondek eta ubideek zeharkatzen dute, eta koadroetan zatitzen. Oso hezea da, eta nekazaritza ekoizpena ugaria eta orotarikoa da: garia, artoa, artatxikia, sorgoa, patata, soja, kotoia, fruituak, etab. Hainbat urtegi ditu, eta haietaz baliatzen da lurrak ureztatu eta elektrizitatea sortzeko. Meatzeak ere ugari dira: ikatza, burdina, banadioa, amiantoa. Itsasaldean gatzaga zabalak daude. 1960-70 bitartean petrolio hobiak ustiatzen hasi ziren. Lehen Pekin eta Tianjin-en bildurik zegoen industria probintzia osora zabaldu da. Ho-peh bigarren lekuan dago Txinako probintzietan industriari dagokionez. Burdinbide sare egokiz hornitua da.