Hooker, John Lee
Estatubatuar blues musikaria (Clarkdale, Mississippi, 1917 - San Frantzisko, 2001). Bere obra blues musikaren –Bigarren Mundu Gerraren ondorengo blues elektrikoaren– eragile nagusietako bat izan zen. Aitak erakutsi zion gitarra jotzen, baina gaztetako musikari kutunena Blind Lemon izan zuen. Laster alde egin zuen etxetik, Memphisera eta, geroago, Cincinnatira. Hasieran gospel talde batzuetan jo zuen, blues musikan buru-belarri sartu baino lehen. 1958an egin zituen lehen grabazioak, Texas Slim, John Lee Booker edo Deltan John izengoitiaz: Boogie Children, Hobo Blues, I'm In The Mood… 1960ko hamarraldian blues musikari berrien erreferentzia nagusietako bat izan zen. Britainia Handian, garai hartako rock talde nagusiek ere (The Animals, The Rolling Stones…) haren abesti zaharretan oinarri hartuta egin zituzten bereak. Hurrengo bi hamarraldietan musikaririk onenekin jo zuen –Muddy Waters, Canned Heat, Van Morrison…–, Coast To Coast (1971), Blues Before Sunrise (1976), The Healer (1989) edota Get Back Home (1992) diskoetan besteak beste.