Honshu
(Aintzina, Hondo). Japoniako lau uharte nagusietan handiena. Japoniako itsasoa du mendebalean eta Ozeano Barea ekialdean. Tsugaru itsasarteak bereizten du Hokkaido uhartetik iparraldean, eta hego-ekialdean, berriz, Shimonoseki itsasarteak Kyushu-tik. Honshu-ko hegoaldean Shikoku uhartea dago, eta bien artean Japoniako barne itsasoa. 230.862 km2; 87.000.000 biztanle. Zazpi eskualdetan eta 34 prefeturatan banatua. Hiri nagusiak: Tokio, Osaka, Nagoya eta Kioto. Uharte menditsua da, 3.000 metro inguru garai diren bi mendilerro ditu erdialdean (gailurrik gorena: Fujiyama sumendia, 3.776 m). Sumendi lurraldea da eta sarri izaten dira lurrikarak. Latitudeak (Oya-shio itsaslaster hotzaren eragina iparrean eta Kuro-shio beroarena hegoan) eta garaierak klima desberdinak eragiten dituzte bertan. Ibaiek malda larriak iragaiten dituzte, eta indar handiz eta zuzen jaisten dira. Haietatik garrantzitsuenak: Tone (400 km) eta Kitakami, Ozeano Barera doazenak, eta Shinano, Japoniako itsasora doana. Aintzira ugari dago; haien artean, Biwa, Japoniako handiena (674km2). Japoniako uharteen artean biztanle-dentsitate handienekoa bada ere (380 biztanle/km2), oihan asko daude. v Nekazaritzari dagokionez, arroza da laborerik garrantzitsuena; harekin batera, garia, zitrikoak, sagarra, tea, soia, kotoia, etab. Iparraldean, behi eta zaldi azienda hazten da. Japoniak azken urteotan izan duen industria hazkunde miragarriak Honshu izan du gune nagusia. Ondorioz, bertako hiri inguruak nolanahi hazi dira, eta eraikuntza erraldoiz osaturiko halako nahas-mahas handi baten itxura dute. Hala, Tokio eta Yokohama barne, 900 km luze den Kanto izeneko megalopoliak Japoniako biztanleen laurdena hartzen du. Bigarren multzoa Kioto, Osaka eta Kobe hiriek osatzen dutena da (12 milioi biztanle). Hirugarren multzo nagusia Nagoya hiriaren ingurukoa da.