Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hokkaido

Japoniako lau uharte handietatik iparraldekoa. Kontinentetik 300 km-ra dago, mendebaleko Japoniako itsasoaren eta ekialdeko Ozeano Barearen artean. Hegoaldean Tsugaru itsasarteak bereizten du Honshu uhartetik, eta iparraldean, berriz, La Pérouse itsasarteak Sakhalin-etik. 78.515 km2; 5.279.000 biztanle. Hokkaidok prefetura bat osatzen du. Hiriburua: Sapporo. Hiri nagusiak: Hakodate, Otaru, Ishikari. Mendi eta sumendi ugari daude (mendirik gorena Asahi: 2.290 m). Erliebeak, latitudeak eta Oya-shio itsaslaster hotzaren hurbiltasunak klima gogorra sortzen dute. Hokkaidoko parte handi bat elurrak estalia egon ohi da sei hilabatez, eta kostaldeko zati bat hiru hilabetez izotz blokez inguratua. Horrela, Honshu-ko japoniarrak XIX. mendea arte ez ziren bertan bizi izan. Hainbat alor landu dira handik hona: nekazaritza (artoa, patata, arroza), abere hazkuntza (behiak) arrantza, meagintza (ikatza), zurgintza, petrolio ustiakuntza, etab. Hala ere, lurraren hamarrena baino ez dago halakoz harturik, eta gainerakoak oihantsu dirau. Elurteei esker, neguko kiroletarako guneak antolatu dira (Sapporo 1972ko Neguko Olinpiar Jokoen egoitza izan zen). Hokkaidoko biztanleen artean 17.000 ainu inguru daude. Gaur egun nahasketa aski aurreraturik badago ere, antzinako herri horren kulturak (besteak beste, hizkuntza desberdina dute) eta jendearen ezaugarri fisikoak (iletsuak dira eta europarren antzeko azpegiak dituzte) nabarmen bereizten dituzte bertakoak japoniarrengandik.