Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hindiera

iz. Indoeuropar (indoariar) saileko hizkuntza. Gaur egun Indiako Errepublikako hizkuntza federal ofiziala da eta 150.000.000 hiztun inguru ditu (jatorriz dakitenak nahiz kultura hizkuntzatzat dutenak). Hindiera hizkuntza eta dialekto taldea sanskritoaren jatorri bereko ziren prakrit edo hizkuntza arruntetatik XII. mendearen inguruan sortu ziren. Oro har Ganges aldean hitz egiten da. Ekialdeko hindiera –ardhamagadhi-tik eratorritako dialektoak– eta mendebaleko hindiera –sahuraseni-tik sorturikoak– bereizten dira. Jatorrian dituen hizkerekin alderaturik, hindieraren gramatika soildu egin da: genero neutroa desagertu da, eta deklinabidea eta aditz joskera sinpleagoak dira. Gaur egun ia soilik devanagari karakteretan idazten bada ere, oraintsu arte arabiar karaktereak ere erabiltzen ziren. 1949an nazio-hizkuntzatzat ezartzeko erabakia hartu zelarik, eztabaida gogorrak piztu ziren literaturazko tradizio aberatsagoa eta antzinakoagoa zuten beste hizkuntzak zirela eta, hala nola tamulera edo bengaliera. Mendebaleko indiera izan da gehienik karaktere arabez idatzia. Hango dialektoetan finkatua da urdu izeneko mintzaira literaturazkoa. ik. hindustani.