Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hinduismo

iz. Hindu deritzen Indiako eta inguruko herrialde batzuetako erlijio eta mundu ikuskera tradizionala. Hinduismo hitza Europa aldean erabiltzen da batez ere, brahmanismoa baita berez dagokiona. Vedismoan du jatorria, K.a. 2000. urte inguruan India aldera etorritako indoeuropar herri zaharren erlijioa, alegia. Erlijio  bakarra izanik ere, guztiz elementu heterogeneoz osatua da, eta bizitzaren alderdi guztietara zabaldurik dago sinesmen horren eragina. Sekta bakoitzak bere testu bereziak baditu ere, guztiek onartzen dute Indiako lehen dokumentuak diren Veda liburu zaharren sakratutasuna. Vedismoaren ardatza sutako sakrifizioa (yajña) da, munduaren sortze etengabearen sinboloa. Upanishad deritzen Veda liburu filosofikoetan, pertsona heriotzaren errepikapenetik askatuko duen jakituria bilatzen da, eta hori da, hain zuzen, lehen Hindu dotrina. Veda jainkoak ugariak dira, nork bere eginkizun kosmikoa baitu, baina bi ageri dira nagusi kristau garaiaren hasiera aldera: Vishnu eta Siva. Bataren zein bestearen aldeko jaierazko kultoak indar hartuz joan ziren, eta hala jainkozaletasuna nagusitu zitzaion oparia ardatz zuen hinduismo moldeari. Jainkoaren irudiari puja deritza, eta haren aurrean gorde behar den jarrera begirunetsu baina sarritan suharrari, berriz, bhakti. Vishnuk hamar itxura desberdin hartzen ditu, eta haren gurtza, anitz sektatan banaturik dago. Oro har, jainko amoltsu eta atsegin batekiko harremana da Vishnu zaletasunaren ezaugarri nagusia. Sivaren gurtza, berriz, aszetikoagoa da, eta yoga jardun mistikoaz baliatu ohi da. Giza itxuran agertzen denean, bi alderdi kontrajarri biltzen ditu Sivak: ikaragarri eta era berean babesle. Esanahi erotikoa ezezik aszetikoa ere biltzen duen linga irudi falikoaz irudikatu ohi da. Hirugarren jainko bat ere bada, Indiako herri askotako erlijio bizitzan garrantzi handia duena: Sakti jainkosa (bestelako izenez Devi, Durga, Kali). Norberaren baitako sormen indarrei behar bezalako etekina ateratzeko Tantra metodo esoterikoekin loturik ohi dator Sakti zaletasuna. Saktiren gurtzaren isla dira, era berean, Laksmi eta Parvati-rena, Vishnu eta Sivaren jainko-emazteena, alegia. Hindu sekta guztiek aitortzen dute Brahma izeneko funts-funtsezko izatearen hastapen neutro, oro hartzaile, amaigabe, betiereko bat. Izaki guztien azpian dagoen barne-barneko indarra da Brahma, bizi mota guztien “norberetasun” funts-funtsezkoa. Hain zuzen ere, gizabanakoaren izatearen eta hastapen kosmikoaren batasunera iristea da, hindu tradizio askoren arabera, erlijioaren azken jomuga. Horrekin oso loturik daude gizabanakoaren arimaren batetik-besteratzeko kontzeptua (samsara), eta gizabanakoen eginek geroko ondorio on edo txarrak eragiten dituztela dioen legea (karma). Amaierarik gabe berriro jaiotzearen zikloak harrapaturik dauka arima, harik eta nork bere burua izpirituz asetzeak eta askapenak (moksha) gurpil hori hautsi arte. Hiru bide edo ararteko onartu ohi dira salbamen horretarako: erritualaren edo ekintza interesgabearen bidea (karma-marga), egiazko jakituriarena, eta Jainkoarenganako jaiera sutsuarena (bhakti). Kasta sistemak hierarkikoki antolatzen ditu Hindu gizarteko gizataldeak, garbitasun mailaren arabera. Gizartea lau klasetan banatzen zuen ideologia antzinako beste batetik sortua bada ere (apaizak, gudariak, nekazari-merkatariak eta zerbitzariak), hindu tradizioek estalki eta sostengu handia eman diote kasta egitura konplexu horri. Garai modernoetan hinduismoa eraberritzeko zenbait mugimendu piztu ziren, Mendebalarekiko tirabiraren ondorioz. Haietatik aipagarrienak: Brahmo Samaj (“Jainkoaren Gizartea”), Rammohan Ray-k 1828an sortua, eta Arya Samaj (“Nobleen Gizartea”), Dayanand Sarasvati-k 1875ean sortua. Biek hinduismoa jainko aniztasunetik eta irudi-gurtzatik garbitu nahi zuten, eta halako susperraldi bat eragin. Mohandas Gandhi-k, Britainiar inperialismoaren aurkako gatazkan, gizarte borrokarako eta politikarako egokitu zituen hindu irakaspen zaharrak: bortxarik gabeko jarrera, barazkijale izatea, ezkongabetza, eta jende desberdinen arteko begirunea. v Mitologia. Aberatsa, anitza eta kanpokoen hartzailea da. Ikaragarria bezain urrikalbera, arrunt-xume bezain kosmiko, zaztar bezain goren izan daitezke hindu jainkoak. Lehen mitologia iturria Veda liburuak dira. Haietatik lau zaharrenei Jakituriaren Liburuak esaten zaie: Rigveda, Yajurveda, Samaveda eta Atharvaveda. Arioen bizimoldearen berri ugari ematen da bertan. Sutako sakrifizioaz dihardute batez ere liburuok, eta hiru jainko nagusi ageri dira bertan: Indra (gerraren eta euriaren jainkoa, Vrtra herensugea hilez monzoi biziemaleak askatzen dituena), Agni (sakrifizioko sua bera jainkotua) eta Soma (sakrifiziorako edabea egiteko landare aluzinogenoa). Hindu mitologia klasikoaren iturri nagusia, hala ere, K.o. 1000. urte inguruan onduriko testu batzuk dira: Mahabharata izenekoaren baitan Bhagavadgita dator, Hinduismoaren erlijio liburu nagusia; Ramayana delakoak, berriz, Rama-ren, Vishnuren gizaitxuratzerik ospetsuenetako baten abenturak kontatzen ditu. Hindu mitologiaren iturririk zabalena, ordea, Purana izeneko elezahar eta mitologia bilduma entziklopedikoak dira.