Hindemith, Paul
Alemaniar musikagile eta teorikoa (Hanau, 1859 - Frankfurt, 1963). Frankfurteko Operako orkestrako zuzendaria izan zen 1915etik 1923ra, eta aldi berean biola jotzen zuen Amar deituriko laukotean. Donaueschingen eta Baden-Baden-go musikaldietan aurkeztu zituen bere lehen obrek arrakasta izan zuten (1922-1929). Konposizio irakasle izan zen Berlinen (1927), baina Alemaniatik ihes egin behar izan zuen, bere obra arte endekatu-aren zerrendan ezarri baitzuen nazismoak. Suitzan eta Ankaran bizi ondoren, AEBetan hartu zuen bizilekua (1939), eta Yale-ko unibertsitateko irakasle izan zen. 1951n Europara berriro itzulirik, konposizio-irakasle izan zen Zurich-eko unibertsitatean. Hasieran Schoenberg-en eragina izan bazuen ere, laster bere bideari ekin zion. Maisua baino melodia zaleagoa da, eta egitura polifonikoa erabili ohi ditu. Tradiziozkoa arbuiaturik, berezko erresonantzia harmonikoetan oinarritu zuen Hindemith-ek harmonia. Obra oparoa utzi zuen, genero guztietakoa. Opera alorrekoak: Mörder, Hoffnung der Frauen (1921, Hiltzailea, emakumeen esperantza); Cardillac (1926 eta 1952); Hin und Zurück (1927, Joan eta etorri); Mathis der Maler (1934, Matias pintorea). Balleterako musika: Nobilissima visione (1938), Herodiades (1944). Hainbat lieder idatzi zituen, eta oratorio bat: Das Unaufhörliche (1931, Betierekotasuna). Tresnetarako musikaren alorrean lan ugari utzi du, bai kontzertuak bai ganbera musika. Sinfonia musika: Lehen sinfonia; Eraldakuntza sinfonikoak (1943); Harmonia der Welt (1951, Munduko harmonia). Musikaren teoriaz ere idatzi zuen: Musika-perpauserako sarrera (1937-1948), Harmonia-ikaslearentzako lanak (1946).