Himes, Chester
Estatu Batuetako idazlea (Jefferson City, Missouri, 1909 - Moraira, Alacant, 1984). Genero beltzeko eleberrigile ezagun honek Cleveland-eko unibertsitatean ikasten hasi ondoren zenbait lanetan aritu behar izan zuen (barman, ostalari, etab.) bizi ahal izateko. Armaz egindako lapurketa bategatik hogei urteko kartzela zigorra eman zioten; haietatik zazpi t’erdi bete zituen. 1945ean Harlem-en bizi izan zen, eta Harlem da Himes-en eleberri gehienen gertalekua. Haren eleberri ezagunenetako pertsonaiak bi polizia beltz dira —Grave Digger (eusk. «hobigilea») Jones eta Coffin (eusk. «hilkutxa») Ed Johnson—, bazterketa, zikinkeria eta bortxa giroan bizi direnak. Haren idazlan batzuk: A five cornered Square (Bost kantoitako plaza); For Love of Imabelle (1957, Imabelleren amodioz Jexux Eizagirrek euskaratua); Urreko amets handia (1960, The big gold dream); Run, Man, Run (1966, Azkar, gizona, azkar); Cotton Comes to Harlem (1965, Kotoia Harlemera heltzen da); Hot Day, Hot Night (1969, Egun beroa, gau beroa).