Himmler, Heinrich
Alemaniar politikaria (Munich, 1900 - Lüneburg, 1945). Familia katoliko batean jaio zen, eta agronomia ikasketak egin zituen. Hitler-ek S.S.etako buruzagi nagusi izendatu zuen (Reichsführer S.S.) 1929 urtean. Schutzstaffel edo Babes Sail horiek arraza-irizpideen arabera antolatu zituen. 1934an Gestaporen edo polizia politikoaren buru izendatua zutelarik, haren esku-hartzea erabakiorra izan zen labana luzeen gaua deiturikoan. Gau horretan Hitler-ekin bat ez zetozen Röhm eta beste buruzagi nazi asko hil zituzten (1934ko Ekainaren 30a). Harrezkero, zapalkuntza-indar guztien buru izan zen (1938), eta Hess-ekin eta Göring-ekin nazionalsozialismaren buruzagi nagusietariko bat. Izua zabaldu zuen bazterretan. Komunistak eta juduak hilarazi edo kontzentrazio-esparruetan sartu zituen, bai Reich barnean, eta bai gerra aurreratu ahala menderatzen zituzten herrialdeetan. 1943ko azaroan Barne ministro izendatu zuen Hitler-ek. 1944ko uztailaren 20an huts egindako kolpearen ondorioz bere boterea areagotu zuen, barneko indar armatu guztiak bere mende geratu baitziren. Bernadotte kondearen bidez aliatuekin negoziatzeko saioak egin zituela eta, Hitler-k kargutik kendu zuen (1945eko Otsaila). Ingelesek atxilotu zutelarik, bere buruaz beste egin zuen.