Hidra
Mit. Lernan bizi zen eta Argolida suntsitu ohi zuen herensugea. Buru asko zituen (bertsioen arabera aldatzen da kopurua) eta hatsa hilgarria zuen. Herkulesek munstroa hiltzeko agindua jaso zuen Euristeorengandik. Atenearen aholkuei jarraituz, suzko geziak jaurtikiz aterarazi zuen piztia bere leizetik. Herkulesen ahaleginak, ordea, alferrikakoak gertatzen ziren, zeren eta heroiak jotako buru bakoitzeko beste bi edo hiru sortzen baitziren berehala. Iolao bere ilobak lagundu zion, buruek utzitako zauriei su emanez. Ilezkorra omen zen munstroaren buru nagusia moztu eta haitz handi baten azpian lurperatu zuen. Ondoren, Herkulesek geziak hidraren odoletan busti zituen; harrezkero, gezi haien ukitu txikienak ere heriotza zekarren.