hidraulika
iz. Isurkarien mugimendua eta oreka ikuspegi praktikotik aztertzen duen ingeniaritzaren alorra; hidrodinamika ur-lasterrei nola aplika dakiekeen aztertzen du. Zinematika, hidrometria eta hidrostatika dira hidraulikaren atal nagusiak. Zertarako erabili asko du, libre nahiz hodi itxietan mugitzen diren isurkarien gorabeherak aztertzerakoan. Esate baterako, hodietan zehar ibiltzean isurkariek jasaten dituzten karga galerak kalkulatzen ditu, edo ibai baten zoruan dauden sedimentuen mugikortasuna. Hidraulikak bitarteko egokiak eskaintzen ditu, besteak beste, hiri eta lantegietarako ur banaketa sareak antolatzeko, urtegiak eraikitzeko, urtegietan ur-jauziaren energiaz baliatu behar diren makinen zernolakoak kalkulatzeko eta ureztatze sareak eraikitzeko.