hidatidosi
iz. Med. Txakurraren teniaren larba gizonaren eta zenbait animaliaren (idia, aharia, txerria) gorputzean garatzeak dakarren sindromea, eragozpen larriak sortaraz ditzakeena. Zizare heldua (3-6 mm-koa) zakurraren heste meharrean bizi da, eta gorotzarekin batera ehunka arrautza kanporatzen ditu. Haietako batzuk muturrean eta ilean erantsita geratzen dira, eta miazkatzean gorputz guztian zabaltzen ditu animaliak. Arrautza horiek soinean daramatzan zakur bat laztandu ondoren eskua ahoa eramaten duena kutsatu egin daiteke. Arrautzak urdailera edo hesteetara iristean enbroiak oskoletik irten eta, hesteetako paretak zeharkaturik, odoletara igarotzen dira eta aorta zainera edo gibelera iristen dira. Hori da bizkarroiaren kokalekurik arruntena. Batzuetan bihotzera, barera, giltzurrunetara, giharretara eta biriketara ere jotzen du. Enbrioiak organoaren barruan besikula bat eratzen du hiru asteren buruan; hidatide deritza kisteari, larba egoeran dagoela. Oso geldi hazten da eta hilabete asko behar izaten dira haren eragin klinikoak nabaritzeko, eta urteak, berriz, kisteak bere neurri osora iristeko. Kisteak larba multzo handi bat sortzen du bere inguruan. Ebakuntza bidez kistea erauztea da trataera bakarra.