Hermes programa
Europar kosmonautak nazioarteko espazio estazioraino garraiatzeko espazio ontzi bat egiteko proiektua. Frantziako gobernuak proposatu eta Europako Espazio Agentziak 1987an hartu zuen bere gain proiektua. Hermes programa astronatuak eta zama Columbus moduluraino eramateko diseinatu zen, eta Ariane 5 jaurtitzaile berriaren bitartez bidali nahi zen espaziora. Hermesek, gainera, grabitaterik ezaren ondorioak ikertzeko plataforma bat utzi behar zuen Lurraren eta espazio estazioaren artean. 1991n, baina, finantza arazo handiak sortu ziren, aurrekontuan erabakitakoa baino % 30 gehiago gastatu zelako eta proiektuak bi urteko atzerapena zuelako. Urte hartako azaroan, Agentziako estatu kideetako ministroek proiektuaren bideragarritasuna berrikustea eskatu zuten eta urtebete geroago, behin betiko bertan behera uztea erabaki zuten.