Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hermandade

iz. Pol. Berant Erdi Aroan (XIII-XV. m.), Euskal Herriko, Gaskoniako eta Iberiar Penintsulako beste lurralde batzuetako udalerriek eta herriek osatu zituzten elkarte edo federazioen izena. Ahaide Nagusien eta, beste zenbaitetan, erregeen aurrean, herrien eta haranen interesak babesteko sortu ziren hermandadeak. Oro har, lurraldeetako segurantzaz arduratzen ziren hermandadeak, gutxi batzuk ekonomia mailako helburuei begira sortu ziren arren. v Hermandadea edo Armandat, Lapurdiko. 1396. urtean, Lapurdin, Hego Euskal Herriko lurraldeetan egiten zenaren irudira, gaiztaginen ekinari aurre egiteko sortu zen erakundea. Jean de Gand Akitaniako dukeak eta Henrike IV.a Ingalaterrako erregeak onartu zuten Armandat delakoa, 1400. eta 1403. urteetan. Hermandadeak bideratzen zituen gaiztaginen aurkako zigorrak, eta justiziaz ere arduratzen zen oro har. Hamalau urtetik gorako lapurtar guztiek zin egin behar zuten hermandadearekiko leialtasuna. v Hermandadea, Bizkaiko. XIV. mendean osatu zen Bizkaiko Hermandadea eta, bestetan bezala, lurraldeko segurantza zaintzeaz gainera, Ahaide Nagusien arteko guduei buru ematea izan zuen helburu nagusi. 1315. urtean Gaztelako Hermandade Nagusiari loturik zeuden Urduñako eta Balmasedako herriak. XIV. mendean zehar hainbat saio egin ziren Bizkaian Hermandadea osatzeko, baina 1394 arte ez zen erabat egituratu. XV. mendean zailtasun handiak izan zituen hermandadeak Ahaide Nagusien arteko guduetako gehiegikeriei aurre ematen. Bilboko hiriko ordezkariek Gaztelako erregearen zaldunekin bat eginik, hermandadea indartu eta sendotzeko erabakia hartu zuten XV. mende bukaeran, Bizkai aldeko merkataritza guztiz ahultzeko zorian baitzegoen egoera nahasi hartan. v Hermandadea, Gipuzkoako. XIV. mende bukaeran osatu zen Gipuzkoako Hermandadea (Tolosako Batzar Nagusiak, 1375; Getariako Batzar Nagusiak, 1397). Gipuzkoako segurantzaz arduratu zen hermandadea, Ahaide Nagusien arteko guduez nagusiki. 1456. urtean, ganboar eta oinaztar guztien dorretxeak eraitsi zituen Hermandadeak eta erbestera bidali zituen ahaide nagusien arteko buruzagiak. Bestalde, aginpide handia izan zuten hasieratik, 1375. urtetik, hermandadeko alkateek. Zazpi ziren herrialde osoan eta haien gain zegoen lege-hauste arruntaren aurkako zigorrak ezartzea. Hermandadeko alkateen epaiak errege agindu baten bidez baizik ezin ziren aldatu. 1611. urtean kargu hori kentzea erabaki zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, alkate horien aginpidea gehiegizkoa zela eta agintekeriarako bide ematen zuela iritzirik. v Hermandadeak, Arabako. 1417. urtetik aurrera, Araban Ahaide Nagusien gehiegikeriak geldiarazteko sortu ziren herri elkarte edo federazioak. Arabako herri batzuk Gaztelako beste herri batzuekin bilduak ziren XIII. mende bukaeran (Buradon-Gesaltza, Gasteiz eta Agurain, 1282; Buradon-Gesaltza, Gasteiz, Agurain, Añana-Gesaltza, Bastida, Argantzun, Urizaharra, Korres, Antoñana eta Kanpezu, 1296) eta XIV. mendearen hasieran (Gasteiz, Trebiñu, Añana-Gesaltza, Korres, Beranturi, Agurain eta Urizaharra), baina XV. mendea arte ez ziren Arabako hermandadeak benetan gorpuztu. 1417. urtean batu ziren hermandadean Gasteiz, Trebiñu eta Aguraingo herriak, Ahaide Nagusien gehiegikeriei aurre egiteko, baina ez zuen arrakastarik izan. 1449. urtean, Henrike IV.a Gaztelako erregeak hermandade bakar batera bildu nahi izan zituen Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, Burgosko iparralde, Santander eta Errioxako hiri eta herri guztiak, baina ez zuen horrelakorik lortu. 1463. urtean hasi zen lurraldeko herri eta hiri guztiak jaso zituen Arabako Hermandadea egituratzen, Arabako hermandade txikiak batu ondoren (hiri hermandadeak eta lur zabaleko hermandadeak). Berrogeita hamalau hermandade txiki zituen Arabako lurraldeak XVI. mendean, sei multzotan banatuak (berrogeita hamabost hermandade txiki XIX. mendean). Arabako segurantza begiratzea eta gaiztaginak epaileen esku uztea eta epaitzea ziren hermandadearen betebehar nagusiak. Hasierako hermandadeak bi buruzagitza nagusi zituen: hogeita bat herri harresidunez arduratzen zen bata, eta lur zabaleko herriez bestea. Alkate bana zuten hermandade txiki guztiek. v Hermandadeak, Nafarroako. Bi motatako hermandadeak egituratu ziren Nafarroan historian zehar. Erresumaren babesa eta muga aldeko gaiztaginen aurkako zapalkuntza izan ziren batzuen helburuak (Nafarroako eta Aragoiko erresumen arteko muga herriek osatu zuten gisa honetako lehen hermandadea 1204. urtean, eta beste bat 1364. urtean, Nafarroako eta Gipuzkoa-Arabako mugetan dauden herrietan) eta handikien gehiegikerietatik babestea izan zen besteen helburua. Bigarren mota honetako hermandadeak osatu ziren han eta hemen Nafarroa osoan, XIII. mende bukaeratik aurrera. v Hermandadea, Kantauriko Itsas Herrien. Kantauri itsasbazterreko herri batzuek Gasteizko hiriarekin batera osatu zuten merkataritza elkartea. Santander, Castro-Urdiales eta Laredo bildu zitzaizkion lehenik Gasteizi; Bermeo, Getaria, Donostia eta Hondarribiako euskal portuak ondoren. Urduñako herriak ere parte hartu zuen elkarte horretan. 1296. urtean osatu zen hermandadea, eta sorreratik hartu nahi izan zuen Europan ziharduten beste merkataritza elkarte batzuen eitea (Hansarena batez ere), hedaduraz eta ekonomia indarrez txikia izan arren. Berebiziko garrantzia hartu zuen Kantauriko Itsas Herrien Hermandadeak denboraren poderioz; gero eta portu gehiago lotu zitzaion hermandadeari. Haren bitartez gainditu ahal izan zituzten Kantaurialdeko portuek elkarren arteko liskarrak, eta hari esker hitzarmen baliotsuak izenpetu zituzten Atlantiko aldeko beste herri batzuekin (Ingalaterra, Frantzia, Flandes…). Hermandadeak burujabe jokatu zuen beti, erabateko independentziaz, eta tirabira handiak izan ziren luzaroan hermandadearen eta Gaztelako erregeen artean. Errege-erregina Katolikoek deuseztatu zituzten 1490. urtean Kantauriko Itsas Herrien Hermandadea eta gisa horretako elkarte guztiak.