Herburger, Günter
Alemaniar idazlea (Isny, Allgäu, 1932). Sanskrito, soziologia, filosofia, literatura eta antzerki ikasketak egin zituen, Munichen eta Parisen. 1964an Eine gleichmäßige Landschaft (Paisaia uniformea) argitaratu zuen, bere lehenengo kontakizun bilduma. Liburuan herri giro ukigabea deskribatzen du, aldaketetarako lekurik ez baina isilepeko desioz eta beldurrez betea. Eguneroko bizitzako esperientziak kontatzen ditu, giro politikoa eta soziala tartekatuz, lagunarteko tonuan, eta prosa aberatsa erabiliz bere formetan eta gaietan. Gai horiek berak erabiltzen ditu bere poesia lanetan ere: Ventile (1966, Balbulak). Arrakasta handia izan zuen, baita ere, haurrentzat idatzi zituen abentura liburuekin: Birne kann alles (1971, Bonbilla edozertarako gauza da). Mundu modernoan bizi den eta era guztietako arazoei aurre egiteko gauza den kale-argi bat da liburu horretako protagonista. Baina Günter Herburgerren literaturaren funtsa bere eleberriak dira: Die Messe (1966, Meza) probintzietako mundu burges txiki batean bizi den pertsona baten ihesaldi ahaleginaren deskribapena; Jesus in Osaka (1970, Jesus Osakan), esperantza bakarra haurrak dituen etorkizuneko gizarte bati buruzkoa. 1997an bere trilogiaren lehenengo liburukia argitaratu zuen: Flug ins Herz (Ihesaldia bihotzera). Bigarren liburukian –Die Augen der Kämpfer (1982, Borrokalarien begiak)– gauzatutako utopia gisa aurkeztu zuen Alemaniako Errepublika Demokratiko ohia.