Herbert, Zbigniew
Poloniar poeta eta antzerkigilea (Lvov, gaur egun Ukraina, 1924 - Varsovia, 1998). Poloniako XX. mendeko poeta handienetako bat. Filologia ikasketak egin zituen Cracovian, Torunen eta Varsovian. Gudaroste Gorria Lvoven sartu zenean, Krakoviara joan zen ihesi, eta Barne Gudarosteak –komunismoaren aurkako erresistentzia talde nagusiak– antolatutako higikunde ezkutukoari lotu zitzaion. 1950ean argitaratu zituen bere lehenengo poemak, Dzis i Jutro aldizkarian. Stalinen garaian “herriaren eta sozialismoaren etsai” izendatu zuten. Stalinen krimenen kondenaren ondoren, bere literatura lanari lotu zitzaion berriro, Tworczosc eta Poezja aldizkarietako zuzendari gisa lehenbizi, eta europar literatura irakasle gisa 1970etik aurrera, Kaliforniako unibertsitateetan. Poloniara itzuli zenean, 1981ean, eta gerra legea aldarrikatu zenean, Zapis isilpeko aldizkariaren idazle nagusietako bat izan zen. Haren poesia kezka moralez beteak eta diktaduraren aurka izan zuen jarrerak eragin handia izan zuten Poloniako intelektualengan 1989an komunismoa erori bitartean. Azkeneko urteetan antikomunista erradikala bihurtu zen eta kontuak eskatu zien erregimen komunistako buruzagiei.