helikoptero
iz. Airean egon eta ibil daitekeen ibilgailua, helizeduna eta motorduna. Plano horizontalean eta lastertasun handiz mugitzen diren helize handi batzuen eraginez airean igo, egon, mugitu eta jaisten da. Helizeari mugimendua errotore bertikal batek ematen dio, eta hori mugitzeko bi era dira: mekanikoki, errekuntza motor baten energia engranaje batzuen bidez helizera igorriz, eta helizean finko dituen erreakzio turbinen eraginez. Lehenengo moduan, eta erreakzio efektuaren eraginez, helikopteroaren fuselajeak errotorearen aurkako norabidean biratzeko joera du; arazo hori konpontzeko motor nagusiak bultzatutako helize horizontal orekatzaile bat du helikopteroak isatsean. Bigarren moduan, erreakzioko helikopteroetan, fuselajea eta errotorearen artean transmisio mekanikorik ez dagoenez gero, ez da halakorik gertatzen. Helikopteroaren mugimendu horizontala errotorea okertuz eta helizeko pala bakoitzaren makurtze angelua aldatuz egiten da. Bigarren Mundu Gerratik aurrera helikopteroak aurreramendu handia izan du hegazkintza zibilean (soroetan intsektu-hiltzaileak botatzeko, salbamenduak egiteko, trafiko gidaritzarako, etab.) nahiz militarrean. Tamaina askotako helikopteroak dira: lagun bakar bat hartzen dutenak eta baita 100 bidaiari sartzeko adinakoak ere.