Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Heliea

(Gr. Heliais). Antzinako Atenasko eta beste zenbait hiritako herri auzitegi handia, eguzkitan (Helios: eguzkia) eta ageriko ekitaldietan bildu ohi zena. v Atenasko Heliea Solonek sortu zuen K.a. 594. urte inguruan. V. mendean 6.000 bazkide izan zituen (600 leinu bakoitzeko), xede zehatzeko hamar sailetan bereizituak. Epaileak urterik urte hautatzen ziren, zozketaz. Efialte eta Periklesen berrikuntzen ondorioz (461), Areopagoaren aginpidearen zati bat beretu zuen, eta haren aginpide barrutia ia auzi mota guztietara hedatu zen. Ustelkeriari biderik ez emateko, K.a. 404tik aurrera epaimahai bat aukeratzen zen egunero Helieako kideen artetik.