Hamsun, Knut
(Benetako izena Knut Pederson). Norvegiar eleberrigilea (Lom, Gudbrandsdal, 1859 - Nørholm, Grimstad ondoan, 1952). Haurtzaro latza izan ondoren lanbide askotan aritu zen Norvegia osoan zehar. Bi aldiz emigratu behar izan zuen Ameriketara. Kopenhagen bizi zela, Sult (1890, Gosea, J.M. Mendizabalek euskarara itzulia) eleberri autobiografikoa argitaratu zuen. Norvegiako literaturan benetako iraultza ekarri zuen eleberri arrakastatsu horrek; obra horretan Hamsunek bere poetika erakutsi zuen: gizartearen deskribatze molde errealistaren gaitzespena eta arimaren bizitza, inkontzientearen, ametsaren eta misterioaren goresmena. Nietzsche, Strindberg, Byron eta Dostoievskiren eragina izan zuen, eta izadira itzultze erromantikoa eta menturazko bizitza laudatu zituen bere eleberrietan: Mysterier (1892, Misterioak), Pan (1894), Victoria (1898). 1904an Bihotz basatia izeneko poema bilduma argitaratu zuen. Nekazari zibilizazioaren suntsipenak sorturiko sentimena islatu zuen bere obra nagusian: Markens grøde (1917, Lurrak emandako uzta). Sentipen primitiboak mugitzen duen arlote librea gai hartuta trilogia bat idatzi zuen: Arloteak (1927), Augusto (1930) eta Bizitza aurrera doa (1933). Bere ideiek nazionalsozialismoa onartzera eraman zuten 1930etik aurrera eta Quisling-en gobernuaren eta Norvegian sartuak ziren alemaniarren alde egin zuen. Gerra amaiturik, traizioagatik epaitu zuten eta, haren adina zela eta, hiru urtez (1945-1948) eritegi batean sartu. Bertan eguneroko bat idatzi zuen: Belarra hazten den bideetan zehar (1949). v 1920an Literaturako Nobel saria jaso zuen.