Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hamlet

William Shakespeareren bost ekitalditako tragedia (1600). Saxo Grammaticus historiagileak idatzitako kontakizun batean oinarritua. Hamlet Danimarkako printzeari aita errege hilaren errainua edo arima agertzen zaio Elsinor gazteluan. Hark adierazi zion Claudius-ek, Hamleten anaiak, hilarazi zuela, emaztetzat hartu zuen Gertrude erreginarekin elkar hartuta. Mendekua hobeki prestatzearren, Hamletek ero itxurak egiten ditu. Ezbaiak harturik, alabaina, duda-mudak eta ekintza ausartak nahasten dira Hamleten jokamoldean. Emaztegaia, Ofelia, (Polonioren alaba) gaitzetsi egin zuen. Modu anker zakarrez galdeketa gogorra egiten dio ama erreginari, eta kortina atzean zelatari zegoen Polonio hiltzen du. Ofeliak, bere onetik aterata, bere buruaz beste egiten du errekan itota, eta Laertesek, Ofeliaren anaiak, aitaren eta arrebaren heriotzaren mendeku hartuko duela zin egiten du. Claudiusek Laertes eta Hamlet odolik gabeko ezpata borroka egitera gonbidatzen ditu. Egiatan, ordea, Laertesen ezpata eta Hamleti eskaintzekoa den ardoa pozoiturik daude. Hamlet zaurituta gertatzen da, baina, hil aurretik, Laertes eta Claudius hilko ditu; erregina ere hil egingo da, oharkabean Hamleten kopatik edan ondoren. Heriotzako orduan, Hamletek Horazio lagun leial bakarrari bere historia kontatzeko ardura eskaintzen dio. Fortinbras, Norvegiago erregea ageri da erresuma bere gain hartzeko. v Obra honek itzulpen eta egokitze ugari izan ditu munduko hizkuntza gehienetan. Euskarara Bingen Amezagak itzuli zuen 1952an. Margolari askok ere gai bera ukitu dute beren lanetan, hala nola Delacroix-k, Millais-ek, Rossetti-k, Beardsley-k. Musikari dagokionez, Scarlatti-ren eta Thomas-en Hamlet operak dira aipagarriak; besteak beste Berlioz, Txaikovski, eta Piernéren musika lanak ere ezagunak dira. Zineman ere behin baino gehiagotan moldatu da Hamlet obra filmetara. Besteak beste Cecil Hepworth-ena (1913), Laurence Oliver-ena (1948) eta Franco Zeffirelirena (1990) dira aipagarri.