Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hamurabi

Babiloniako erregea, dinastia semitako seigarrena. Haren erregetza K.a. 1730ean hasi zen eta 43 urte iraun zuen. Babiloniako lehen egiazko inperioa sortu zuen: Akkad eta Sumeria konkistatu zituen eta Larsa, Mari eta Asiria auzo-herrialdei nagusitu zitzaien. Hamurabiren inperioak Persiako Golkotik Diyarbakirrera eta Zagros-etik sortaldeko basamortuetara bitarteko lurrak hartu zituen. Inperioa osatzerakoan gerraz baino areago diplomaziaz baliatu zen. Administrazioa Babiloniara bildu zuen eta legeak legedietan bildu zituen. Marduk, Babiloniako jainkoa, ezarri zuen mesopotamiarren jainko nagusi. Herentzia bidezko monarkia ezarri zuen; hura hilik, Samsu-Iluna haren semeak hartu zuen erregetza. v Hamurabiren kodea. Ausa-ko hirian aurkitu (1901-1902) eta gaur egun Louvreko museoan dagoen dioritazko zutarri batean idatzirik gorde den Hamurabi, Babiloniako erregearen lege bilduma. Zilindroaren behe-erliebean Samas, justiziaren jainkoa, ageri da Hamurabiri legeak ematen, erregearen legea jainkoaren hitza dela adierazi nahiz. Zutarriaren bi aldeetan, molde kuneiformez (ziri erako moldez), akkadieraz idatzitako 282 epai daude, 34 zerrendatan. Epai bilduma bat da, eta epaileentzako orientabidea izan nahi du, tokian tokiko ohiturak baztertu gabe, hala ere. Hiru gizaki maila bereizten dira bertan: libreak, mendekoak eta esklaboak. Talioiaren legea da oinarri. Familia eskubideari dagokionez (emaztearen legezko nortasuna, ezkontza haustea, herentzia, etab.), halako oreka bat gertatzen da gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Merkatarien aginpidea sendo bermaturik dago. Kodearen berritasuna legezko printzipioak argi adierazi izanean datza, eta berdintasuna du helburu nagusia. Erabateko eragina izan zuen antzinateko Ekialde Hurbileko legedietan. Bestalde, bertan erabilitako idazkera literatura eredu klasiko bilakatu zen urte luzeetan.