Haika
Ezker abertzaleko gazte erakundea, Jarrai eta Gazteriak taldeek bat egin ondoren 2000. urtean sortua. Jarrai 1979an sortua zen, eta Hego Euskal Herrian zegoen hedatua. Gazteriak, bestalde, Iparraldean sortu zen 1994an, gazte abertzaleen bilgune gisa. Talde bien arteko harreman estua, azkenik, erakunde bakar baten sorreran gauzatu zen. Kanbon eginiko topaketa batzuetan eman zen ezagutzera 2000. urtearen apirilean "Euskal gazteria independentista, sozialista, iraultzaile eta internazionalistaren" bilgune gisa sortua zen Haika, ekitaldi hartan aditzera eman zenez. 2001. urteko martxoan, bestalde, Haikako hainbat ordezkari atxilotu zituen poliziak Baltasar Garzón epaileak eragindako operazio baten barruan, ETAren harrobi izatea egotzi zitzaielarik.