Haifa
Israelgo hiria eta portua, Akre badiako hegoaldean, Kixon ibaiaren bokalean, Galilean. Haifa Karmel mendiaren oinetan dago eta izen bereko barrutiko hiriburua da. Israelgo porturik handiena egin zen han (1932) eta denborarekin Israelgo hirugarren hiria bihurtu zen: 223.600 biztanle (1991). Petrolio findegiak: Elath-etiko petroliobidearen helmuga da, eta Iraketik datorrena ere bertaraino iristen da. Siderurgia, metalurgia, mekanika industria, informatika ikerketagunea, oihalgintza, ongarri kimikoak (Negev-eko fosfatoen tratamendua), nekazaritzako gaien eraldaketa (olioak, xaboiak, lurrin destilategiak). Kulturagunea (museoak, unibertsitatea).