Guevara, Ernesto
(«Che» deitua). Hego Ameriketako iraultzailea, jatorriz Argentinakoa (Rosario, Argentina, 1928 - Bolivia, 1967). Familia burges batean jaio zen. Medikuntza utzi zuen Fidel Castrori jarraitzeko, eta harekin batera Kubako iraultzaren gidari izan zen (1956-1959). Industria ministro izen zen Kuban (1961-1965), baina Latinoamerikan iraultza antolatzeko utzi zituen bere kargu guztiak. Boliviako La Higuera herrian atxilotu eta hilarazi zuten. Guevarak marxismoa humanismo iraultzaile, proletario eta nazioartekotzat hartzen zuen; haren ustez iraultzaren helburua gizon berri bat sortzea da, alienazio guztietatik aske, eta uste horiei eusten die Guevarak azterketa ekonomikoetan, eta baita gerra iraultzailearen estrategiari dagozkion ikusmoldeetan ere. La Guerra de guerrila (1959, Gerrilla gerra), El socialismo y el Hombre en Cuba (1966, Sozialismoa eta gizona Kuban) eta Diario de Bolivia (1968, Boliviako egunkaria), azken egunetako egunerokoa, idatzi zituen.