Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Groenlandia

(Danieraz, Grønland; Groenlandieraz, Kalaallit Nunaat). Danimarkaren mendeko lurraldea, Kanadaren ipar-ekialdean dagoen uhartea, munduko handiena. Mugak: iparraldean Ozeano Artikoa, ekialdean Groenlandiako itsasoa, hego-ekialdean Ozeano Atlantikoa; mendebalean itsaso batzuek (Baffin itsasoa haien artean) bereizten dute Ipar Ameriketatik. 2.175.600 km2. 52.940 biztanle (1985). Hiriburua: Godthab. Hizkuntzak: daniera (ofiziala), eskimala eta ingelesa. Erlijioa: luteranoa. Biztanleak: berez eskimalak dira, inuitak, baina gehienak europarrekin nahasiak daude. Hiri nagusiak: Egedesminde, Holsteinborg, Julianehab, Sukkertoppen. v Orografia. Glaziarrek estaltzen dute ia osorik lurraldea. Han eta hemen badira mendi gailur batzuk (Gunnbjorn Fjeld da garaiena, 3.700 m). Itsasertza, 100 kilometroraino, izotzik gabe egoten da sarritan. Biztanle gehienak hegoaldeko kostaldean bizi dira 88.000 km2-ko lurralde batean. Klima  Ipar Burukoa du: neguak sei-bederatzi hilabete irauten du. v Ekonomia. Arrantza da ekonomia jarduera nagusia, eta bakailaoa eta izokia harrapatzen dute, batez ere. Ardiak eta elurretako oreina ere hazten dituzte. Ehiza, ordea, gero eta urriagoa da. Kriolita, ikatz, berun eta zink meategiak. Industria urria (kontserbak). Estatu Batuen base militarra (Thule). v Historia. Erik Gorriak X. mendean aurkitu zuen Groenlandia, eta eskandinaviarrak finkatu ziren mendebaleko itsasertzean. 1261ean Norvegiaren mende egon zen. XV. mendean zehar, eta berriro aurkitua izan zen arte (1578an), Europarekiko harremanak galdu ziren, klima hoztu baitzen. 1721etik aurrera, daniarrak jarri ziren Groenlandian bizitzen eta mendebaleko itsasertza esploratu zuten. Estatu Batuak 1941ean base militarrak jartzen hasi ziren bertan. 1953an Danimarkaren kolonia izan zen, baina urte hartan Danimarkako lurralde bihurtu zen. 1979an autonomia estatutu zabal bat lortu zuen barneko administraziorako erabateko askatasuna ematen ziona.