Gropius, Walter
Alemaniar arkitektoa (Berlin, 1883 - Boston, 1969). Arkitektura moderno funtzionalaren aitzindari izan zen. Alemanian, Fagus fabrikarako egin zituen eraikuntzak (Alfeld, 1910-11) Europako aurreratuenetakoak izan ziren. 1918an Weimarko Arte Eskolako zuzendari izendatu zuten, eta Bauhaus izenaz berrantolatu zuen. Hartarako eraikuntzak egin zituen Dessau-en, beste lan askorekin batera. Estatu Batuetara joan zen gero bizitzera, eta 1938tik aurrera Harvard-eko Unibertsitatean irakasle izan zen.