Gray, Simon
Britainiar antzerkigilea (Hayling Island, Wight, Ingalaterra, 1936 - Londres, 2008). Britainia Handiko bizitza modernoa aztertu zuen bere lanetan, arrakasta azalekoaren azpian ezkutatu ohi diren frustrazioak eta zoritxarra erakutsiz. Ingeles literaturako irakaslea izan zen, Londresko Unibertsitatean, 1965 eta 1985 bitartean. Bere lehen antzerki lan ospetsua Butley izan zen (1971), irakasgaian konfiantza galtzeaz batera bizitza birrintzen zaion irakasle baten historia. Otherwise Engaged obran (1975), berriz, bere buruan besterik pentsatzen ez duen eta bere lagunen eta familiaren arazoez ohartzen ez den argitaratzaile batena kontatu zuen. Close of Play (1979) obran, familia bilera batez baliatu zen familiako kideen zoritxarra azalarazteko. Quartermaine's Terms (1981) beste irakasle baten istorioa da, bere bizitzaren hutsaltasunaz ohartu ere egiten ez den gizon deusez batena. The Common Pursuit (1984) eskola lagun batzuei buruzkoa da, nola ikasketak amaitu ondoren, benetako munduko bizitzaren konpromiso eta traizio txikiei aurre egin beharrean aurkitzen diren azaltzen du. Beste lan batzuk: Wise Child (1967); The Rear Column (1978); Melon (1987).