Graves, Michael
Estatubatuar arkitekto eta diseinatzailea (Indianapolis, Indiana, 1934). Erroman egon zen bi urteetan, pintura eta eskultura klasikoak ikasi zituen, eta horrek eragin handia izan zuen bere obran. 1964an bere estudioa zabaldu zuen, Princetonen bertan. Gravesen lana, Le Corbusierren lanaren eta kubismoaren eraginpean, klasizismo postmodernoaren barruan koka daiteke. 1969an, Kenneth Framptonek “Bost arkitektoak” taldea aurkeztu zuen New Yorkeko Arte Modernoko Museoak antolatutako sariketa batean. Talde horretako partaideak Einsenmann (1932), Charles Gwathmey (1938), John Hejduk (1929), Richard Meier (1934) eta Graves bera ziren. Haien lanak Five Architects liburuan argitaratu ziren, eta liburua garai hartako arkitektura eztabaidaren erdigunea bihurtu zen. Liburuan agertzen ziren Gravesen lanen artean, aipagarriak dira Hasselmann etxea (Fort Wayne, Indiana, 1967), edo Benacerra etxearen eranskina (Princeton, 1969). Lan horietan, Graves, bere arkitekto lagunak bezala, Le Corbusierren 1920ko hamarraldiko formetara itzuli zen. Aurrerago, Gravesek Boullée eta Ledouxen lanak hartu zituen eredutzat, eta geroago Antzinate klasikokoak. Bere postmodernismo formalean bezala, Gravesek abstrakzio maila handi batera eraman zuen neoklasizismoa. Horma irudiak, kartelak, jantziak, alfonbrak eta altzariak diseinatu zituen, familia etxebizitzak, etxebizitza sailak eta arte galeriez gainera. 1980-1982 bitartean bere obra nagusia eraiki zuen, Portlandeko Administrazio Publikorako etxea (Oregon), kubo itxurako eraikuntza tzarra, eztabaida ugari sortu zituena. Eraikuntzaren funtzionaltasuna fatxadaren konposizioaren mendean utzi zen, baina langileek hala eskatuta, fatxadako leiho zuloak zabaldu egin behar izan zituzten. Beste lan batzuk: San Joan Ziprianoko Liburutegi Publikoa (1983), Espainiako kolonien estilokoa; Humana eraikuntza, granito arrosazko etxe-orratza (Lousville, Kentucky); Witney Museoaren zabaltze lanak (New York); eta Walt Disney Worldeko hotela eta konbentzio zentroa (Orlando, Florida).