Grassi, Giorgio
Italiar arkitektoa (Milan, 1935). Ikasketak amaituta, Casabella-Continuitá aldizkarian hasi zen lanean, eta Milango eta Pescarako arkitektura eskoletako irakasle izan zen gero. Sari asko irabazitakoa da: Valentziako Arkitekto Eskolaren Saria (1985) eta Heinrich Tessenow Medaille in Gold (Hanburgo, 1992), besteak beste. Haren etxeek ezaugarri jakin batzuk dituzte, Le Corbusier maisu handiaren eraginpeko ezaugarriak, dudarik gabe: konposizioen arrazionalismoa, ertz biziak, kuboaren erabilera, forma bakunak. Arrazionalismo hori nabaria da, adibidez, Chietiko Ikasle Egoitzan (Italia, 1976), edota Sagunteko teatro erromatarra berritzeko eta birgaitzeko lan eztabaidagarrietan. Teatroa herriaren goiko partean dago, muino baten gainean. Leku hura itxuraldatzeko, Grassik forma garbiko fatxada bat eraiki zuen hondakinen aurrean. Ingurua erabat aldatu bazuen ere, ez zuen hautsi teatroaren lekunea, bere obra berritzailea aurreko eraikuntzarekin adosten baita, hala kolorearen eta formaren bidez nola kontzeptuaren bidez. Lekuari egokitzeko eta hura aldatzeko modu hori erakutsi zuen berriro Iseo aintzirako etxebizitza batean (Italia, 1962): etxe lauki zuzena da, aintziraren ertzean zehar luzatzen dena, forma garbiekin berriro ere. 1985ean, Xativako azoka berritzeko eta udal museo bihurtzeko lanak egin zituen. Xativako azoka zaharberritzeko ere aurreko eraikuntzaren estetika errespetatu zuen, baina antzinako forma historikoak errepikatu gabe. Bere azkeneko lanen artean, aipagarriak dira, Italiako Pabiloia (Giardini di Castello, Venezia, 1988), Porta Voltako Liburutegi Nazionala (1990), Valentziako Unibertsitate Berriko Eskola Publikoa (1990), eta Carme De Abaixo Eskola Publikoa (Santiago, 1993), besteak beste.