Goulding, Cathal
Irlandar abertzalea (Dublin, 1922 - Dublin, 1988). Irlandako higikunde independentistaren buruzagietako bat izan zen 1060ko hamarraldian. Haren familia ezaguna zen abertzaleen artean britainiarren aurkako militantziarengatik eta kontzientzia independentista eta errepublikanoarengatik: haren aita eta aitona Eamon de Valera eta Michael Collinsekin borrokatu ziren Ingalaterraren aurkako guduan (1919-1921). Gero, Collinsek lorturiko hitzarmenak irlandarren artean piztu zuen gerra zibilean, aita-semeek Collinsen aurkako gudarostean parte hartu zuten, Valeraren gidaritzapean. Hala, Cathal Goulding ere, IRA (Irish Republican Army) erakunde militarreko kide egin zen 1937an. Erakunde hartan mailaz maila igotzen joan zen bere argitasunagatik eta trebeziagatik; 1956an Ingalaterrara joan zen, komando baten buru, komisaria bateko armak lapurtzeko aginduarekin. Huts egin zuten, eta Goulding, komandoko gainerako kideak bezala, kartzelan sartu zuten, 1962 arte, ez baitzen frogatu IRAko kide zenik. 1965-1974 bitartean, IRAko soldadugaiak bilatzeko eta entrenatzeko ardura izan zuen. Garai hartan, borroka armatuaren egoera nahasia eta gogorra zen, eta gorabehera politikoen mendean zegoen; Ingalaterrako agintaritzaren jazarpenari, gainera, IRAren barruko tirabirak gehitu behar zitzaizkion. Cathal Gouldingek berak Londresko gobernuarekin negoziatzen hasteko beharra defendatu zuen, eta programa politiko bat prestatu zuen errepublikanoen helburu zaharrak eguneratzeko. Hala, IRA ofizialak, Gouldingen gidaritzapean, su-etena adierazi zuen 1972an. Proiektu hura, baina, bertan behera gelditu zen handik egun gutxira, IRA behin-behinekoak –hau da, Gouldingen baldintza politikoak onartu ez zituzten kideen taldeak– mezu bat plazaratu zuen borroka armatuaren alde jarraitzeko prest zegoela adieraziz eta Goulding traidoretzat akusatuz. Gouldingen ahaleginak ahalegin, IRAren eta Ingalaterraren arteko borroka areagotu egin zen 1970eko hamarraldian. Egia esan, Gouldingen eskakizun politikoak ia gauzatu ezinak ziren –Downing Street-eko gobernuak ez zituen inola ere onartuko–, baina su-etenak negoziatzeko aukera eskaini bazuen ere, Ingalaterrak nahiago izan zuen IRAren zatiketa IRA bera desegiteko baliatu, Gouldingekin hitz egiten hasteko baino. Proiektu politikoaren porrotaren ondoren, Goulding IRA baretzen saiatu zen, baina Ingalaterraren aurkako borroka abertzalean, harenak egin zuen. Handik aurrera, borrokatik aldenduta bizi zen, beretarrek ahaztuta. XX. mendearen bukaeran, Irlandaren eta Ingalaterraren arteko borrokak hartu zuen norabide berrian, Gouldingen iritzia ez zen ezertarako aintzat hartu. Nolanahi ere, 1998ko Ostiral Santuan bi aldeek izenpetu zuten hitzarmeneko (The Agreement) puntuetako batzuk Gouldingek 1972an azaldutako ia berak dira.