Gould, Stephen Jay
Estatubatuar paleontologoa (New York, 1941 - New York, 2002). Paleontologoa ez ezik, geologoa eta zientziaren filosofoa, eta espezieen bilakaera eta determinismo biologikoaren gezurrak jendarteratzeko liburu askoren egilea izan zen. Antioch Collegen gradua lortu ondoren (1963), Columbiako Unibertsitatean paleontologiako doktoregoa atera zuen (1967). Harvardeko Unibertsitatean eskolak eman zituen 1967. urtetik aurrera. 1972an, American Museum of Natural History-ko Niles Eldridgerekin batera, oreka puntualen teoria eboluzionista (puntualismoa) adierazi zuen (Darwinen teorien berrikuste bat), fosilen artean trantsizio forma gutxi aurkitzen direlako gertaeratik abiatuta. Teoria gradualistan ez bezala, zeinaren arabera espezieak mailaz maila bilakatzen baitira denbora bitarte luzeetan, oreka puntualen teoriaren arabera, espezie berrien sorreran gertatzen diren aldaketak azkar gertatzen dira, eta egonkortasun aldi luzeak izaten dira gero. Goulden arabera, talde txiki bakartu samar batean, oso aldaketa azkarrak gertatzen dira ehunka urteko epean, baina gero egonkortu egiten dira, eta milioika urteetan ez da batere aldaketarik gertatzen. Gould oso ezaguna egin zen, bai teoria horregatik bai argitaratu zituen lan zientifiko eztabaidagarriengatik, batez ere Natural History aldizkarian hilero idazten zuen This View of Life (Bizitzaren ikuspegi hau) zutabearengatik.