Gounod, Charles
Frantses musikaria (Paris, 1818 - Paris, 1893). Parisko Kontserbatorioan Halévy, Paër eta Lesueur izan zituen irakasle. Erromako saria irabazi zuen (1839); Italian Palestrina ezagutu zuen eta Alemanian Bach, Mozart eta Schumann. Hasieran elizako musika idatzi zuen (Te Deum, Requiem), organo-jotzaile eta kapera maisu izan zen. Antzerkirako Sapho opera (1851) eta opera komiko bat, Le médecin malgré lui (1858), idatzi zituen, arrakastarik erdietsi gabe, ordea. Faust (1859) operak eman zuen azkenik ezagutzera. Geroago Mireille (1864) eta Roméo et Juliette (1867) operek berehalako arrakasta izan zuten. Le tribut de Zamora (1881) operak izan zuen porrotak elizako musikara eraman zuten berriro azken urteetan (Rédemption, 1882; Mors et Vita, 1885; Requiem, 1893). Bestalde, 2 sinfonia, 13 meza, moteteak, kantatak, melodiak, koru eta pianorako eta organorako musika egin zuen Gounod-ek. Haren obraren eragina zabala izan da; operen bidez XIX. mendeko Frantziako musikari ekarpen handia egin zion.