Gould, Morton
Estatubatuar orkestra zuzendari eta musikagilea (Richmond Hill, New York, 1913 - Orlando, 1996). Musika kultuaren eta jazzaren arteko sintesia egiten saiatu zen. Bere obretan herri musikako abestiak, espiritualak eta jazza tartekatu zituen. Irratian piano-jotzaile gisa aritu zen, eta klasikoei buruzko irratsaio bat gidatu zuen. Bere lehenengo obrak –Spirituals (1941), orkestra eta balleterako, eta Fall River Legend (1948) balleta– egitura formalez eta harmonia bakunez eginak dira. Aurreragoko lanak abstraktuagoak dira, konplexuagoak. Venice obrak (196), orkestra eta bandarako, XVII. mendeko veneziar musika imitatzen du kontrapuntuzko teknikan eta orkestraren banaketan. Broadwayko ikuskizunetarako, Hollywoodeko filmetarako eta telebista saioetarako musika egin zuen. Halaber, Chorale and Fugue in Jazz Cowboy Rhapsod eta Foster Gallery idatzi zituen, Stephen Fosterren musika oinarritzat harturik. Porgy and Bess operatik suite bat aterata, musika tresnetarako moldatu zuen. Zenbait kontzertu idatzi ditu, eta Sinfonietta Latinoamericana bat ere bai.