Gold, Ernest
Estatubatuar musikagilea, austriarra jatorriz (Viena, 1921). Vienan jaio zen, baina 1938. urtean Estatu Batuetara aldatu zen, bere familiak Austriatik ihes egin behar izan baitzuen nazien esetsaldia zela-eta. Horrela, Vienako Akademia Estatalean egin zituen pianoko ikasketak, eta New Yorken osatu zituen musika ikasketak (konposizioa, teoria eta zuzendaritza). 1940. urtean hasi zen Gold musikagile gisa ospea irabazten, Practice Makes Perfect eta Accidentally on Purpose lanekin. Handik urte batzuetara Hollywoodera aldatu zen eta zinemarako musika idazten hasi zen. Zinemarako lehenengo lanak Smooth as Silk (1946) eta Exposed (1947) izan ziren. 1946. urtean Estatu Batuetako herritartasuna eskuratu zuen, eta 1950ean Marni Nixon sopranoarekin ezkondu zen, baina geroago dibortziatu egin ziren. Ernest Goldek ospe handiko soinu bandak idatzi zituen zinemarako 1950 eta 1960ko hamarraldietan. Hainbat aldiz izendatu zuten Oscar sarirako, adibidez On the Beach (1959), It's a Mad, Mad, Mad, Mad World (1963), eta The Secret of Santa Vittoria (1969) obrekin, eta 1960an, azkenik, Oscarra eman zioten Exodus (1960) soinu bandarengatik; Oscar saria ez ezik, zinemako musikarik onenaren eta urteko abestiaren Grammy sariak ere eskuratu zituen lan hari esker. Goldenak dira, orobat, ondoko film hauetako musikak: The Young Philadelphians (1959), Judgment at Nuremberg (1961), Pressure Point (1962), Ship of Fools (1965), Fun With Dick and Jane (1977), eta The Runner Stumbles (1979). Musika klasikoko lanak ere egin zituen, eta eskolak eman izan ditu artista bisitari gisa.