Gold, Thomas
Estatubatuar astrofisikaria, austriarra jatorriz (Viena, 1920 - Itaca, New York, 2004). Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta han bertan hasi zen gero lanean. Greenwicheko behatokian ere jardun zuen lanean, harik eta 1956an Estatu Batuetara aldatu zen arte. Estatu Batuetan Cornelleko Unibertsitateko Irratifisikako eta Ikerketa Espazialeko zuzendari izatera iritzi zen. Gold unibertsoaren egoera egonkorraren teoria kosmologikoaren aitzindarietako bat izan zen, 1940ko hamarraldiaren amaieran, Herman Bondi matematikariarekin eta Fred Hoyle astronomoarekin batera. Teoria horren arabera, unibertsoak itxura berbera du norabide edo historiaren une guztietan, hau da, ez da batere aldatzen denbora igaro ahala. Goldek 1948an eman zuen teoria horren berri, printzipìo kosmologiko perfektu izenarekin. 1964. urtean Big-Bang leherketaren ondorengo unibertsoaren etengabeko zabalkundearen eta bilakaeraren ideia modernoagoak nagusitu ziren eta baztertu egin zen Golden teoria, baina ezin uka daiteke garrantzi historiko handia duela. Bestalde, pulsarrei buruzko ikerketak egin zituen eta berak zabaldu zuen pulsarrak beren ardatzaren inguruan lastertasun handiz biratzen diren neutroi izar magnetizatuak direla dioen teoriaren azalpena.