Gold, Julie
Estatubatuar musikagilea (Filadelfia, 1956). Musikarako zaletasun handia zuen familia batean sortu zen, eta oso txikitatik hasi zen bera ere musikaren munduan. Lehenengo abestiak 4 urte zituela abestu zituen, 13 urterekin hasi zen abestiak idazten, eta Filadelfiako Temple Unibertsitateko ikasle garaietan eskaini zituen lehenengo emanaldiak musika aretoetan. Ikasketak amaitu ondoren New Yorkera aldatu zen, han musikaren mundua hurbilago ezagutzeko aukera izango zuelakoan. Horrela, piano-jotzaile gisa hasi zen taberna batean lanean eta gero hara-hona ibili zen areto eta lanbide batetik bestera, bere grabazioak batera eta bestera igorriz. 1968. urtean piano bat oparitu zioten, eta ordubetean "From a Distance" gerraren kontrako abestiaren musika eta letrak idatzi zituen. Nanci Griffith folk abeslariak abestu zuen kantu hura eta oso ospetsua egin zen Europa guztian. 1989an bere lanbidea alde batera utzi zuen Goldek, eta musikagintzan murgildu zen buru-belarri. Stephen Holden, The New York Times egunkariko musika kritikaria, Nanci Griffithen "From A Distance" abestiarekin liluratuta gelditu zen, eta haren gomendioari esker abesti haren single bat kaleratu zen 1990ean. Hiru hilabetetan izugarrizko ospea irabazi zuen abesti harekin Julie Goldek, eta urteko abesti onenaren Grammy saria eman zioten.