Giannini, Humberto
Txiletar filosofoa eta idazlea (Valparaiso, 1927). Italian egin zituen graduazio ondoko ikasketak, eta Txileko zenbait unibertsitatetako irakaslea izan da harrezkero. Hamahiru liburu idatzi ditu, besteak beste, Reflexiones sobre la convivencia humana (1965, Gizakiaren elkarbizitzari buruzko gogoetak), El mito de la autenticidad (1968, Benazkotasunaren mitoa), El tiempo y el espacio en Kant y Aristóteles (1983, Denbora eta espazioa Kanten eta Aristotelesen), La reflexión cotidiana (1987, Eguneroko gogoeta), La experiencia moral (1992, Esperientzia morala), Del bien que se espera y del bien que se debe (1997, Itxaroten den ongiaz eta zor den ongiaz). Bere obrarik ospetsuena, dena den, 1977. urtean argitara emandako Breve historia de la filosofía (Filosofiaren historia laburra) izan da; dagoeneko liburu horren hamazazpi argitalpen egin dira. Gianninik artikuluak idatzi ditu, bestalde, Txile, Italia, Frantzia eta beste zenbait herrialdetako aldizkari espezializatuetan. UNESCOk sorturiko Filosofiako lehenengo katedraren zuzendaria da gaur egun (halako hiru katedra besterik ez daude mundu guztian), eta Filosofiako Nazioarteko Kolegioko ohorezko batzordeko kidea ere bada. "Elkarbizitzaren eta tolerantziaren" filosofotzat hartua da.