Giaever, Ivar
Estatubatuar fisikaria, norvegiarra jatorriz (Bergen, 1929). Bergenen jaio zen, eta Norvegiako Teknologia Institutuan egin zituen ingeniaritza mekanikoko ikasketak 1948 eta 1952. urteen artean. 1954. urtean Kanadara emigratu zen, eta Estatu Batuetara 1956an. Arkitekto laguntzaile eta matematikari gisa lan egin zuen, eta 1956. urteaz gero General Electric konpainiako laborategietan lan egin zuen. 1964an New Yorkeko Rensselaer Institutu Politeknikoan doktoregoa eskuratu zuen, eta Estatu Batuetako herritartasuna hartu zuen urte hartan. 1973. urtean Fisikako Nobel saria eman zioten, Leo Esaki eta Brian Josephhson zientzialariekin batera, erdieroaleen eta superoaleen tunneling edo tunel efektuari buruz egindako lanengatik. Hain zuzen ere, Giaeverrek superoaleetan gertatzen den tunel efektuen alorrean egin zituen bere ikerketa nagusiak, eta biologiako problemetan fisikak izan dezakeen aplikazioen azterketa ere egin zuen.