Giacometti, Alberto
Suitzar eskultorea eta margolaria (Stampa, 1901 - Cuera, 1966). Giovanni Giacometti margolari inpresionistaren semea zen, eta Augusto Giacometti dadaistaren lehengusua. Genevan ikasketak egin ondoren Italiara joan zen eta 1922. urtean, Parisen geratu zen bizitzen. E.A. Bourdelle eskultorearen ikasle izan zen, baina Gioacomettirengan eragin askoz handiagoa izan zuten Afrikako arteak eta kubismoak: Femme cuiller (1926-27, Emakume koilara). 1928. urtean lan surrealistak egiten hasi zen, eta gauzen “funtzionamendu sinbolikoa” ezaugarritzat duten eskultura lanak egin zituen. 1930. urtean egin zuen La Boule suspendue (Esfera zintzilikatua) obrarekin, espazioa eta beronen mugak aztertzeari ekin zion, eta handik aurrera etengabeko bilaketa izan zuen gai hori. Surrealismoa alde batera utzi zuen ordea (1935); orduan antzinako kulturak erreferentziatzat hartu, eta naturalismo eskematikoa ezuagarritzat duten obrak egin zituen; L’objet invisible (1934-35, Gauzaki ikustezina) lana da joera horren aitzindaria. Gerra ondoren senideak (Diego anaiaren eta amaren erretratuak), ikuspegiak, animaliak (katua, zakurra), gorputz atalak (eskua, sudurra, zangoa) eta emakumeak irudikatu zituen. Irudiok finkoak, sorgortuak bezala ageri dira, gorputz atalak luzatuak dituzte, eta espazioan bakartuak daudela dirudi; marra gero eta sotilagoak erabili zituen horretarako, eta kolore gutxi. Joera horri jarraituz iritsi zuten gailurra Giacomettiren margolan eta eskulturek. Giza izaera irudikatu nahi horretan existentzialismoari hurbildu zitzaion Giacometti; izan ere, J. P. Sartre izan zuen bere obraren jarraitzaile ernaietako bat.
- Ghirlandaio
- Ghon-en foku
- GIA
- gia
- Giacconi, Riccardo
- Giacometti, Alberto
- Giaever, Ivar
- Giambologna
- Giannini, Humberto
- Giap, Vo Nguyen
- giardia