Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Giambologna

(Giovanni da Bolonia benetako izenez) Flandestar eskultorea (Douai ?, 1529 - Florentzia, 1608). Anberesen ikasi ondoren, Erroman izan zen (1555-1557), eta Florentzian hartu zuen bizilekua, Frantzisko Medicien babespean. Bolonian ere lan egin zuen Pio IV.arentzat (Neptunoren iturria, 1563-1567). Flandesko naturalismoa, eskultura helenistikoa eta Florentziako manierismoa dira bere lanen oinarriak, eta estilo oparo bat sortu zuen. Irudi biluzi ederrak egin zituen (Petraiako Venus, 1567), eta formalismo dotorekoak (Boboli jardinetako Venus, 1570). Mugimendua bilatu zuen bere irudietan (Merkurioa, Medicikoa deitua, 1580, Sabinen bahitzea). Apainketa lan bikainak egin zituen lorategietarako (Apenino, Pratolino parkean), eta elizetan ere lan egin zuen (San Antoninoren kapera, Florentziako San Markos, 1581-1589). Kosme I.aren zaldizko estatua delakoa (1587-1594) klasikoagoa da; Europako eskulturan, bereziki Versailleskoan, eragin handia izan zuen.