geologia
iz. Lurraren egitura eta bilakaera aztertzen dituen jakintza. v Geologia hitza grekotik dator (geo = Lurra; logia = azterketa) eta Lurraren azterketa esan nahi du berez. Horrela bada, Lurra bere osotasunean du aztergai, baina, batez ere, lurrazala edo litosfera. Lurrazala barrutik nahiz kanpotik aldatzen duten indarrak eta eragileak ere aztertzen ditu, eta baita denboran zehar izan duen bilakaera ere. v Geologiaren adarrak. Lurraren azterketak oso eremu zabala hartzen du, eta lana errazago egituratzeko aztergai zehatzagoa duten adarretan banatu da geologia. Hala, lurrazalaren itxura aldarazten duten fenomeno naturalak aztertzen dituen geologiaren adarrari geomorfologia deitzen zaio; geologiaren atal horrek oso lotura estua du geografia fisikoarekin eta horren azterketak hartzen ditu oinarritzat kanpoaldeko geodinamikak. Geomorfologiak Lurra kanpoaldetik aldatzen duten indarrak aztertzen ditu, eta alde horretatik zerikusi handia du meteorologiarekin. Besteak beste, kanpoaldeko geodinamikaren eginkizunak dira izotzaren eta beroaren eragina aztertzea, lurrazaleko osagaien ekintza kimikoak eta biologikoak ikertzea, eta kontinente barruko ur gezen (ibaiena, urtegiena…) eta itsasoen higalana aztertzea. Geologia, ordea, kanpoko aldaketak zerk eta zergatik sortu dituen bilatzen ahalegintzen da; horien jatorria gehienetan Lur barruko indarretan egon ohi da. Hala, barruko geodinamika arduratzen da lur barruko indarrak eta eragileak aztertzeaz. Barnealdeko geodinamikan tektonika bereizi behar da, lur barneko indarrak eraginda lurrazalean eratzen diren tolesak, zartadurak eta failak aztertzen dituena. Estratigrafiak lurrazaleko estratu edo geruzak aztertzen ditu. Geologia historikoak, bere aldetik, Lurra nolakoa izan zitekeen hasieran ikertzen du eta nola joan den aldatzen geologia aldietan zehar. Petrologia harriak ikuspegi guztietatik aztertzeaz arduratzen da; mineralogiak mineralak ditu aztergai eta paleontologiak antzinako geologia aldietako fosilak. v Plaken tektonikaren eta ozeanoen hedakuntzaren teoriak. Itsas hondoak urte askotan aztertu ondoren, 1955-1960. urteetan bi teoria berri sortu ziren, plaken tektonikaren teoria eta ozeanoen hedakuntzaren teoria, berebiziko eragina izan zutenak biak geologian. Plaken tektonikaren teoriak esaten du litosfera, hots, lurrazala, plaketan banatuta dagoela, eta plaka horiek higitzen direla astenosfera izeneko lur geruzaren gainean. Litosferako plaka batzuek ozeanoak dituzte gainean eta beste batzuek kontinenteak. Hala, plakekin batera kontinenteak ere mugitzen dira; batzuk elkarrengandik urrunduz, beste batzuk, berriz, elkarrengana bilduz edo bata besteareiko lerrotuz. Bi plakak elkarren kontra jotzearen ondorioz sortzen dira fenomeno geologiko gehienak; itsas hondoko bizkarrak eta failak, lurrikarak, mendiak eratzea, etab.