geografia
iz. Lurrazalean gertatzen diren izadi, biologia eta giza gertaerak aztertzen dituen jakintza. v Geografia hitza grekotik dator (geo = Lurra; graphein = idaztea), eta Lurra nolakoa den idaztea edo azaltzea esan nahi du berez. Eta horixe zen, hain zuzen, geografiaren eginkizuna antzinako grekoentzat, Lurra azaltzea, duen itxura mapetan irudikatzea. Horretarako, ordea, matematikako adierazpenez, geometriaz, baliatu ziren lurrazaleko egiturak nolakoak ziren eta non zeuden mapetan adierazteko, izan ere, azken batean mapak neurriak (garaiera, latitudea, kostaren lerroak, ibai sareak, mendikateak, etab.) irudiz adierazteko moduak baitira. Grezia zaharreko filosofo asko arduratu ziren geometriaz eta geografiaz, eta haien artean baziren Lurra biribila zela esaten zutenak; Eratostenek, adibidez, K.a. III. mendean, kalkulu aski zehatzak egin zituen Lurraren zirkunferentziari buruz, eta Ptolomeok latitudeak eta garaierak adierazten zituen mapa bat egin zuen. v Erdi Aroan geografiak, beste zientzia guztiek bezala, atzera egin zuen Europan, eta Lurra laua eta zapala zelako ustea errotu eta zabaldu zen erlijioaren eraginak hartaraturik. Ez zen gauza bera gertatu Sortaldean, Islamaren eraginpean zeuden lurraldeetan, han Grezia zaharreko kulturaren jarraitzaile izan baitziren; esaterako, Ptolomeo arabierara itzuli eta meridianoaren neurketak egin zituzten, eta X. mendean Lurraren eta zeruaren globoak egin zituzten. Arabiar munduan kartografiak indar handia hartu zuen garai hartan eta geografo jakintsuak izan ziren, Ibn Batuta edo El Edrisi, adibidez. XIII. mendean Europak arabiarren jakintzaren berri izan zuen, eta horien bitartez greziar filosofoak ezagutu zituen; Aristoteles eta Ptolomeo, besteak beste. Aldi berean, Marco Poloren eta beste merkatari batzuen bitartez Ekialde Urruneko kultura ezagutu zuen Europak; mongoliarren inperio zabala, Txina, India… Eta Txinako kartografia oso aurreratuta zegoen garai hartan. Horrela bada, XV. mendean geografiak indar handia hartu zuen Europan, grina handia baitzegoen bidaiak egiteko, itsasoz batez ere, eta artean ezezagunak ziren mundu berriak arakatzeko. v Errenazimentua geografiako aurkikuntza handien garaia izan zen. Kopernikoren eta Galileoren lanek Lurra biribila zelako teoria baieztatu zuten, eta Ptolomeo greziarraren kartografiako irudikapenak oso aintzakotzat hartu ziren. Aipagarria da Gerardus Mercator geografoak asmatu zuen proiekzio teknika; 1569an munduko mapa proiekzio zilindrikoarekin argitaratu zuen. v XVIII. mendean, zientziaren garapenak hartara bultzatuta, geografia adarretan hasi zen banatzen. XIX. mendean Alexander von Humboldt eta Carl Ritter geografoei esker erabat aldatu zen geografiaren funtsa eta helburua, eta ordu arte Lurra nolakoa zen azaltzera mugatzen bazen ere, harrezkero zergatiak, arrazoiak eta ondorioak bilatzen eta horiek aditzera ematen saiatu ziren. Ildo horretatik, asko ugaritu dira geografiaren adarrak; gaur egun espazio fisikoa ikertzeaz gainera, gizonengan duen eragina ere aztergai du geografiak. v Geografiaren adarrak. 1. Eskualde geografia, eskualde edo lurralde jakin bat aztertzen duena, bertako osagaiak, ezaugarriak, etab. 2. Geografia orokorra, lurrazalean diren osagai guztien arteko harremanak aztertzen dituena. Bi adar ditu geografia orokorrak: geografia fisikoa eta giza geografia. Lehenak izadiaren gertaerak aztertzen ditu; horren atalak dira geomorfologia, klimatologia, lurreko hidrografia eta itsasoaren azterketa. Giza geografiak giza taldeen banaketa eta horiek lurrazalarekin, espazioarekin, dituzten harremanak aztertzen ditu.
Geografiaren beste adarrak dira edafologia, lurzoruak aztertzen dituena, eta geografia historikoa, lurrazalak antzina zuen itxura eta horren bilakaera aztertzen duena. Besteak beste, geografia kartografiarekin uztartua dago, kartografia baita geografiaren adierazpidea.