genozidio
iz. Herri bat, gizatalde bat, arraza bat, desagertaraztea. Genozidiorako bide asko erabili izan dira; gosez hiltzen utzi, haurdun geratzen diren emakumeak haurrak galtzera behartu, etab. Nazio Batuek genozidioa krimentzat hartu zuten (1948), Nurenberg-eko epaien ondoren. ■ Historia osoan ez da ezagutu XX. mendean adinako genozidiorik. Milioka heriotza horiek guztiak ez dira gerraren ondoriozkoak izan, arraza, etnia, erlijio edo politika talde desberdinen aurkako hilketa berariazkoak eta sistematikoak eraginak baizik. XX. mendeko lehen genozidio jendetsua 1915 eta 1923 bitartean gertatu zen: turkiar gobernuak 600.000-1.500.000 armeniar beren etxeetatik egotzi edo sarraskitu zituen. Hala ere, azkenaldiko genozidio kasurik zoritxarrekoena Alemaniak 1930 eta 1940 artean Europako juduak desagertarazteko egin zuena izan zen. 1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitzerako, 12 milioi pertsona hil zituzten naziek; horietatik sei milioi juduak ziren, eta gainerakoak ijitoak, homosexualak edota eslaviarrak. Urte hartan bertan, Nurenberg-eko Epaitegiak holokaustoaren arduradunak epaitu zituen, eta gizabanakoaren erantzukizun printzipioa arautu zuen. ■ 1946an Nazio Batuen Batzar Nagusiak genozidioa baztertzeko Hitzarmena idatzi zuen, eta 1948an onartu zen. Bertako ataletan, besteren artean hauek hitzartu zituzten: genozidioa desagertzeko nazioarteko lankidetza behar dela; gerratik kanpo gertatzen den genozidioa ere krimena dela, baina ez krimen politikoak direnak; erruduntzat jotzen direnek ez dutela estradiziorako immunitaterik; eta errudunak genozidioa gertatutako estatuan bertan epaituko direla, edo eskumena duen nazioarteko epaitegi batek epaituko dituela. ■ Hauek dira XX. mendean gertatutako genozidio kasurik larrienetako batzuk: Sobietar Batasunean eta Txinan komunismoa ezartzean Stalinek eta Mao Zedong-ek egindakoak; 1947an Britainia Handitik burujabetza lortu ondoren Pakistan eta Indiaren artean gertatutako erlijio heriotzak; 1975etik 1979ra Khmer Gorriek Kanbodian zapaldu eta hildakoak (hiru milioi hildako); 1969an Nigeria eta Biafraren artean gertatutako hilketak; Ugandako 1970eko hamarraldikoak; 1986az geroztik Irakek kurduen aurka egindakoak; 1990eko hamarraldi hasierako Jugoslavia ohikoak; eta Ruandako hutu eta tutsi etnien artekoak (milioi bat inguru hil eta bi milioi atzerriratzea eragin zutenak). Bestalde, XX. mendea baino lehen izandako genozidiorik handienak europarrek Amerika, Afrika, Australia eta Zeelanda Berria kolonizatu zituztenekoak dira.