Genovés, Juan
Espainiar margolari eta artista grafikoa (Valentzia, 1930). Ikazkin gisa lan egin zuen txikitatik, eta gerra ondoko urteetan izandako bizipenek eragin handia izan zuten geroagoko bere obran eta izaera artistikoan. Sorterriko Arte Ederretako Eskolan egin zituen ikasketak. 1950eko hamarraldian zenbait bidaia egin zituen (Madril, Paris…) eta gaztetatik erakutsi zuen arren margolaritzarako zaletasuna, ez zuen 1964 arte egin bere lehenengo bakarkako erakusketa. Erakusketa arrakastatsua izan zen eta ospe handia lortu zuen. 1950. urtean Los Siete taldearekin bat egin zuen, 1956. urtean Parpalló taldean sartu zen eta 1959an Hondo taldearen sorreran parte hartu zuen. 1960ko hamarraldiko zenbait obratan informalismoari eta pintura materikoaren bideari heldu zion, eta erregimenaren onarpena ekarri zion horrek, nahiz eta bera ideia haien kontra zegoen. Baina 1970eko hamarraldirako figuratibismoaren kutsua nabarmentzen hasi zen bere pinturan, eta Espainiako margolaritza figuratiboaren maisu nagusietakoa bihurtu zen. Bere obran antzematen diren eraginen artean bereziki azpimarratzekoak dira errealismo kritikoa, Pop Art-a (eguneroko gauzakiak txertatzea bere obretan, errealismo fotografikoa) eta zinema (prozedura narratiboak, travellingak, lehenengo planoak edo ekintza beraren une desberdinak adierazten dituzten hondoz hondoko irudi sailak). 1970eko hamarraldiko obretan eduki kritiko nabarmena ageri du, salaketa eta erreibindikazioa adierazten ditu kolore neutro eta difuminatuen bidez, eta gizarte errealitatearen salaketa horrek arazoak ekarri zizkion; Besarkada edota Amnistia izeneko obra egiteagatik atxilotu egin zuten 1976. urtean. Atzerrian arrakasta handiz lan egin zuen, Europan, Estatu Batuetan eta Japonian. 1980ko hamarraldian, dena den, aldaketa handia gertatu zen bere obran: giza irudiak edo taldeak protagonistatzat hartu ordez, hiri suntsituak agertzen ditu, eta autoek betetzen dute gizabanakoaren lekua, garai postindustrialaren ezaugarri gisa. Genovések hainbat sari irabazi ditu, eta munduko 44 museotan eta hainbat bilduma pribatutan banatuta dago bere obra.