Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Genoa

Italiako iparraldeko hiria, Liguriako hiriburua. 762.895 biztanle (1981). Antzinako hirian Errenazimentu garaiko jauregi bikainak ditu, gaur museo bihurtuak: Erregearen jauregia (1650), Pallavicini, Jauregi Gorria, Jauregi Zuria eta udaletxea. Elizak: Deikundekoa, 987an egina eta 1307an eraberritua, San Joan Bataiatzailearen kapera bikaina barruan duena; Santa Maria de Carignano (1100), San Donato, San Mateo eta San Esteban. Italiako portu nagusia da eta Europako garrantzitsuenetako bat, Piemonteko eta Lonbardiako irtenbide naturala baita. Horrez gainera, ontziolak, burdindegiak, petrokimika industriak eta findegiak daude. v Historia. K.a. III. mendean Genua Erromaren aliatu izan zen. Gerora, Genoa (K.a. 200), heruloen, godoen, bizantziarren eta lonbardiarren esku egon ondoren, Karlomagnok hartu zuen. XI. mendean, Pisako herritarrekin bat eginda, musulmanen kontra borrokatu ziren genoarrak, eta Sardiniatik bota zituzten. XII. mendean burujabetasuna lortu zuen hiriak. Guelfoen eta gibelinoen arteko gerran familia handien arteko borrokak izan ziren bertan. Gurutzadetan Sortaldean eta Konstantinoplako inperioan lurralde berriak eskuratu zituen hiriak. 1261ean Venezia menderatu zuen, eta 1284. urtean Pisa, Korsika eta Sardinia. Veneziaren etsai izaki, Migel VIII.a enperadoreak merkataritzara abantaila handiak lortu zituen Esmirnan eta Konstantinoplan (1261). Merkatu gehiago eskuratu zituen Egeo itsasoan XV. eta XVI. mendeetan, era horretan Itsaso Beltzean salerosketan aritzeko bideak irekiz. 1376etik 1381era Chioggia-ko gerra izan zuen Veneziarekin, eta honek kendu zion Genoari itsasoko nagusigoa. Konstantinopla erori zenean (1453) Sartaldeko lurraldeak galdu zituen, eta merkataritza ere gutxitu zen. Andrea Doriak 1528an Karlos V.arekin hitzarmena egin eta konstituzio berria ezarri zion hiriari. Luis XIV.aren aginduz bonbardatua izan zen 1684an, eta austriarren mende geratu zen 1746an. 1796an Frantziak hartu eta Liguriako errepublikako hiri bihurtu zen 1797an. 1805ean Frantziari itsatsita zegoela, 1815eko Vienako Batzarrak Piemonte-Sardiniari eman zion Genoa; 1861ean Italiako erresuman sartu zen.