Gandiaga Artetxe, Bittoriano
Bizkaitar idazlea (Mendata, 1928 - Arantzazu, 2001). Frantziskotarra eta euskaltzain ohorezkoa. 1940. urtean frantziskotar sartu zen, eta 1954an apaiztu ondoren, Arantzazuko Santutegian eman zuen bizitza, bertako ikastetxean plastikako eta euskarako irakasle lana olerkigintzarekin tartekatuz. Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti agerkarietan eman zituen argitara bere lehen olerkiak. 1962an Elorri izeneko aurreneko olerki bilduma eman zuen argitara. Bertan Arantzazuko ingurutik hartu zuen olerki gaia, Lizardik ohi zuen bideetatik. Handik hamabi urtera, Hiru gizon bakarka (1974) bilduma eman zuen argitara. Oteizaren eragina aitortu zuen Gandiagak lan horretan, eta, aurrekoaren aldean, olerki mota konprometituagoa egin zuen. Handik hiru urtera eta Madrila egin zuen bidaia baten ondoren, Uda batez Madrilen idatzi zuen, hiri handi hartako ikusmenak liluraturik. Denbora galdu alde (1985), Gabon dut anuntzio (1986) eta Hiru Gizon Bakarkaren argitalpen berria (1999) izan ziren Gandiagak kaleratutako azken lanak. XX. mendeko euskal poetarik handienetakoa izan da. 1994an Euskaltzain oso izateko izendatu zuten, Eusebio Erkiagak utzitako lekua betetzeko; ez zuten euskaltzain oso hautatu, baina Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2000. urtean, euskararen alde eginiko lan handia eskertzeko.
- Gandhi, Indira
- Gandhi, Mohandas Karamchand
- Gandhi, Rajiv
- Gandia Lahidalga, Santos
- Gandia
- Gandiaga Artetxe, Bittoriano
- gando
- gandola
- gandor
- gandortu, gandor, gandortzen
- gandortze