Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gambon, Michael

Britainiar antzezlea (Dublin, 1940). Londresen egin zituen ikasketak, eta ingeniari gisa hasi zen ondoren lanean. Antzerkian 1962. urtean hasi zen, eta Otelo obrako bigarren zaldunaren paperean egin zuen debuta. Ondoren National Theatre konpainian sartu zen, eta hango antzezle izan zen 1963tik 1966ra. Harrezkero protagonista paperak egin zituen zenbait konpainia txikitan, Otelo, Macbeth eta Coriolano obretan. 1970-1971 denboraldian Royal Shakespeare Companyn jardun zuen, bigarren mailako paperak antzezten, eta ondoren protanista izan zen berriro Lear Errege, Antonio eta Kleopatra eta abarretan. Patetismo ilun baina aldi berean komikoa erakutsi zuen eta horrek bere belaunaldiko zenbait idazle erakarri zituen. Horrela, aipagarriak ditu Alan Ayckbournen Normandiako konkista (1974) obran egindako lana eta Beteranoaren eguna (1989) obran Jack Lemmonekin egindakoa. Dena dela, National Theatren egindako estreinaldiek eman zioten ospe gehien Gamboni: Harold Pinterren Traizioa (1978), Simon Grayren Obra amaiera (1979) eta Ayckbournen Gaitzespena (1985), zeinarekin irabazi baitzuen Olivier saria. Britainia Handiko antzerki sari nagusiak irabazi zituen 1987. urtean, Eddie Carboneren papera antzeztuz Arthur Millerren Zubiko ikuspegia lanean. 1995ean berriro agertu zen National Theatren, David Hareren Sabailehioa (1995) obrarekin. Telebistan ere lan egin du, arrakasta handiz, Dennis Potteren Detektibearen kanta (1985) laneko interpretazioari esker, batez ere.