Gamazada
1893. urtean Hego Euskal Herrian izan zen foruen aldeko matxinadari ematen zaion izena (Gamazo Espainiako ministroaren izenetik). Germán Gamazo Espainiako Finantza ministroak Nafarroako autonomia fiskala ezerezean uzten zuen lege proiektu bat aurkeztu zuen 1893ko maiatzean, lurralde hartako herriak eta erakundeek inola ere onartu ez zutena. Manifestaldi handiak egin ziren Nafarroako hiri nagusietan (Iruñea, Lizarra, Tutera, Tafalla…) proiektu haren aurka eta Garesen talde armatu txiki bat matxinatu zen gobernuaren aurka, López Zabalegui sarjentoa gidari, baina berehalakoan geldiarazi zuten talde hura. Iruñeko manifestaldiaren ondoren (1893ko ekainaren 4an, 80.000 lagun inguru), Hego Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu zen foruen aldeko higikundea: manifestaldiak izan ziren Gasteizen urte hartako abuztuaren lehenengo egunetan eta hil bereko 16 eta 17. egunetan Espainiako bandera bat erre zen Gernikan foruen aldeko ekitaldi batzuetan (ik. Sanrokada). Abuztuaren 20an, hil bat eta zauritu batzuk izan ziren Guardiako istiluetan eta hilaren 27an Guardia Zibilak tiroz erantzun zion Donostian Sagasta lehen ministroaren aurka bildu zen jendeari: bi hil eta zauritu ugari izan ziren. Nafarroako Diputazioak ez zuen etsi eta foruen aldeko mugimenduaren zabala ikusirik, tirabira askoren ondoren, Gamazo bere kargutik kendu eta indarrez kanpo utzi zuen proiektua Espainiako gobernuak. Gamazadaren ondoren hasi zen Sabino Aranaren ideia politikoa gorpuzten eta egituratzen.