Gambaro, Griselda
Argentinar idazle eta antzerkigilea (Buenos Aires, 1928). 1976-1983 bitartean Bartzelonan bizi izan zen, diktadura militarraren garaian Argentinatik ihes egin ondoren. Kontalari eta eleberrigile gisa hasi zen ospea irabazten, eta olerkiak ere idatzi dituen, baina antzerkigile gisa da, batez ere, ezaguna. Absurdoaren teatroaren eraginpean idatzi zituen bere antzerki lan nagusiak, batez ere Eugenio Ionescoren eta Franz Kafkaren obraren eraginpean. Irudi poetiko erdiragarriak sortu ditu, eta gizakien arteko komunikazio falta nabarmendu du bere obretan; gizarte ohituren faltsukeria salatu eta existentziaren zentzurik eza azpimarratu du. 1960ko hamarraldiko antzerkigile handienetakoa izan zen, bere antzerki lan batzuk Argentinako antzerkigintzako obra klasikotzat hartuak dira, eta ezinbesteko erreferentzia bihurtu dira. Gambaroren idazlan ugarien artean, aipagarriak dira honako hauek: Las paredes (1963, Hormak), Viejo matrimonio (1965, Senar-emazte zaharrak), El desatino (1965, Zentzugabekeria), El campo (1968, Zelaia, nazien kontzentrazio esparru bateko gertaerak biltzen dituena), Sucede lo que pasa (1974, Gertatzen dena jazotzen da).