gamelu
iz. Zool. Kamelidoen familiako ugaztun artiodaktiloa, hausnarkaria, lepo-luzea; bereziki bizkarrean bi gantz konkor dituena (Camelus bactrianus). 3 m inguru luze izaten da, 2 m garai. 500-700 kiloko pisua du. Oso otzana eta izua da. Dromedarioak baino hanka motzagoak izaten ditu. Hark baino ile sarriagoa du, gaztain kolorekoa; luzatu eta ugaritu egiten zaio sasoi hotzean. Belarjalea da, baina behar izanez gero edozer gauza jan dezake, animalien larrua, arrautzak, haragia, arrainak, etab. Udan 2-3 egun pasa ditzake urik edan gabe, neguan, 5-8, eta 2-4 egun jan gabe. Ume bakarra egiten du 13 hilabete ernai pasa ondoren. Aurrena Turkestanen eta Mongolian bizi zen, baina gaur egun Asiako erdialdean eta ekialdean bizi da batez ere. Gero eta gutxiago, baina Mongolian ere bizi dira gamelu batzuk, hezigabeak. Asko baliatzen dira bizi den lekuetan, leku batetik bestera jendea eramateko, lanerako eta garraiorako; 30-40 km egin dezake egunean 240 kg gainean dituela.